XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. ONDORIOAK

Lehenengo partea analisi formala eta estatistikoa izanik, oso deskriptiboa da.

Hala eta guztiz ere, datu bilketa derrigorrezkoa zitzaigun helburua betetzeko, gaztelaniazko prentsa idatziaren HEHko zabalkundearen xehetasunak ezagutzea.

Bigarren partean, datuak gehiago hausnartzen saiatu gara.

Egin dugun lanaren testutik ateratzen diren ondorio orokorrenak hurrengo lerroetan laburtzen ditugu.

1. Prentsa idatzian gaztelaniaz banatzen diren 18,84 milioi aleetatik 1,68 milioi ale HEHan zabaltzen dira.

Horietatik garrantzi handiena egunkariek dute: 452 mila egunkari ale zabaltzen dira egunero, 972 mila astekari ale astero eta 252 mila hilabetekari ale hilero.

Egunkarien % 11,8 zabaltzen da HEHan eta kontuan hartu behar da HEHko biztanleria ez dela gaztelaniaz idatzitako prentsak hartzen duen eremu osoko %7ra iristen.

Gehigarriak deitzen ditugun astekariak dira astekari guztien artean gehien zabaltzen direnak, %75 HEHan.

Eremu osoan eta HEHko eremuan prentsak duen zabalkundea alderatuz gero, ezberdintasunak ageri dira.

HEHan gai orokorreko eta zientzietako prentsak erlatiboki zabalkunde handiagoa du eremu osoan baino.

Eta alderantziz gertatzen da kiroletako eta emakumeei zuzendutako prentsarekin, hau da, HEHko eremuan gutxiago zabaltzen da eremu osoan baino.

2. Gaztelaniaz idatzitako prentsa guztia gaien arabera sailkatuz gero, ez dute garrantzi berdina egunkariek, astekariek edo hilabetekariek.

Gai orokorrak gailentzen dira egunkarietan eta hainbat gai berezi beroien parte dira.

Zabalkunde indartsua duten gai bereziko egunkari bakarrak kiroletakoak dira.

Astekariak, gai orokorretan eta emakumeei zuzendutako gaietan gailentzen dira. Gai orokorreko astekari guztien artean, bi gehigarrik guztien %68 egiten dute. Hilabetekariak emakumeei eta zientziei buruzko gaietan nabarmentzen dira.

3. HEHan orokorrean, gaztelaniaz idatzitako prentsaren zabalkundearen bilakaerari dagokionez, hilabetekariek gorantzako joera dute eta astekariak beheraka egiten ari dira. Egunkariak, berriz, mantentzeko joera agertzen dute.

Egunkarien eusteko joera hau konpentsatua dago herrialdeen artean. Baina aldeak azaltzen dira beraien artean. Egunkarien zabalkundea gorantz doa Araban eta Bizkaian eta beherantz Gipuzkoan eta Nafarroan. Hala eta guztiz ere, azken hauetan proportzionalki zabalkundea handiagoa da beste bietan baino.

4. HEHan zabaltzen den prentsa ez da hemen argitaratua, egunkari batzuk izan ezik.

Aldizkariak, ia denak kanpotik etortzen dira.

Herrialde bakoitzak bertan argitaratutako bere egunkari liderra du, Araban izan ezik, hemen Bizkaiko berbera baita liderra.

5. Prentsa idatziaren zabalkunde eta audientzia datuekin irakurzaletasuna ondorioztatuz esan dezakegu gipuzkoarren eta nafartarren irakurzaletasuna nabarmentzen dela egunkariei buruz.

Baina ez bakarrik egunkariekin, aldizkariekin ere agertzen da bi herrialde hauetako irakurzaletasunaren gailentze hau.

Azpimarratzekoa da batez ere gipuzkoarrek duten aldea.

Hauek, ia %20 inguruan gainditzen dute HEHko batez bestekoa.

6. Zabalkundearen azterketatik ateratako ondorioak baieztatu egiten dira, audientziaren azterketatik ateratako ondorioekin.